Instrumentu motak

instrumento

Musika-tresnek, askotan, beste edozein elementuk baino hobeto islatzen dute herrien muina eta izaera. Musika-tresnek garrantzi handia dute gizarte tradizionalen bizi-zikloan ospatzen diren errito, dantza, liturgia eta zeremonia guztietan eta informazio ugari ematen digute munduko kulturen balio sozial, erlijioso, etiko eta estetikoei buruz.

Zenbait musika-tresnak forma ezin politagoak, neurri perfektuak eta tinbre aberats-aberatsak dituzte, eta tresna horiek ikertzen dituzten guztiak miretsita gelditzen dira belaunaldiak joan belaunaldiak etorri. Izan ere, soinu-adierazpen guztiak bizitasun-adierazpenak dira.

Gure bilduma honetan mundu osoko etniek erabili izan dituzten edo erabiltzen dituzten musika-tresna folkloriko eta tradizionalak bildu ditugu.

Kultura askok baztertu egin dituzte garai batean erabiltzen zituzten musika-tresnak, eta joera organologiko modernoetako tresnekin ordezkatu dituzte tresna haiek. Horren ondorioz, antzinako musika-tresna askok museoetan baino ez dute lekurik.

Gure musika-tresnek 200 urte dituzte batez beste eta oso gutxik gainditzen dute adin hori tresnak egiteko erabilitako materialak (kanabera, egurra, larrua, landare-zuntzak…) hondatu egiten direlako inguruneko faktoreen eraginez.

Piezaren bat eskuratzeko garaian, irizpide hauek izaten ditugu kontuan:

  • Balio etnomusikologikoa.
  • Edertasun estetikoa.
  • Nola kontserbatuta dagoen.
  • Pieza bitxia edo bakana izatea.
  • Antzinakoa izatea.
  • Piezaren neurria eta erabilitako materiala.

Musika-tresnak gaur egungo organologiak onartzen dituen lau multzo edo familiatan sailkatzen ditugu, horixe baita sailkapen didaktikorik egokiena. Hauek dira lau familia horiek:

  • Idiofonoak: musika-tresna egiteko erabilitako material nagusia dardararaziz soinua sortzen duten tresnak.
  • Membranofonoak: mintz bat dardararaziz soinua sortzen duten musika-tresnak.
  • Kordofonoak: hari bat dardararaziz soinua sortzen duten musika-tresnak.
  • Aerofonoak: musika-tresna hauen oinarrizko dardara-sistema aire-zutabe bat da.
 
© Música para Ver 2010 Lege Oharra [ eu | es | en ] Web Diseinua